Elantxobeko klima eta energia Plan Integratua

Elantxobeko Udalak 2023 urtean energia-plangintzarako balioko zion Klima eta Energia Planaren garapena martxan jartzea erabaki zuen.

Dokumentu honek hurrengo 20 urteetako bidea finkatzea du helburu, autonomia erkidego mailatik Europa mailara doazen estrategiekin bat egin eta karbonoan neutroa den udalerria bihurtzeko.

Honetarako udalerriko energia-kontsumo eta isurien azterketa sakona egin da, klima aldaketak izan ditzakeen arriskuak aztertzeaz gain. Honela, hobekuntzarako ekintza desberdinak prestatu dira klima aldaketa arintzeko eta honetara egokitzeko lerro estrategikoetan banatuta:

  1. Energia eraginkortasuna: Kontsumo publiko elektriko eta termikoa murrizteko proposamenak, udalerriko kontsumoaren murrizketa sustatzeko ekintzekin batera.
  2. Energia sorkuntza berriztagarria: Herrian bertan energia sortzeko proposamenak, sektore publikoak eredu izan behar du herritarrek ere bide bera jarri dezaten. Udalerri mailako kontsumo fosilen erabilera ordezkatzeko alternatibak ere aztertu dira.
  3. Parte-hartzearen sustapena: Klima aldaketari aurre egiteko biztanleriaren parte-hartze aktiboa ezinbestekoa izango da, hau bultatzeko ekintzak biltzen ditu lerro estrategiko honek.
  4. Mugikortasun jasangarria: Erregai fosiletan oinarritutako mugikortasuna murriztu edota ordezkatzeko alternatibak.
  5. Hondakinen kudeaketa: Birziklapen-tasa handitu, hondakin kantitatea murriztu eta kontzientziazioa handitzeko ekintzak.
  6. Bertoko garapen jasangarria: Jasangarritasunaren arloko hobekuntza-ekintzetan herritarren arteko kooperazioa udalerriaren garapen iraunkorra lortzeko.
  7. Biodibertsitatearen sustapena: Fauna eta flora babestuko dituzten ekintzen garapena, baso-ereduaren aldaketa eskatzen duena.
  8. Azpiegituren hobekuntza: Klima aldaketaren inpaktuen aurrean udalerriko azpiegiturak hobetu eta egokitzea, arrisku hauek murriztu eta biztanleria babesteko.
  9. Ur-hornikuntza bermatzea: Lehorteen aurrean herria prestatzea, egoera berrietara egokitzen laguntzeko eta inpaktuak murrizteko.

Proposatutako ekintzekin, 2044rako lortu nahi diren udalerri-mailako helburuak ondorengoak dira:

KLIMA ALDAKETA ARINTZEKO HELBURUAK

  • CO2 isuriak %60 murriztea
  • Energia-kontsumo primarioa %40 murriztea
  • Energia berriztagarrien ekarpena kontsumoaren %40 izatera iristea

KLIMA ALDAKETARA EGOKITZEKO HELBURUAK

  • Bero-boladak aurreikusten ikastea eta azpiegituren egokitzapena
  • Itsas-uholdeekiko arriskuaren aurrean, kosta-lerrotik gertu dauden eremu arriskutsuak babestea
  • Lehorteak daudenean sute-arriskua kontrolpean izatea eta ur-hornidura bermatzea