Berriztagarrien potentzial azterketa Azpeitian
Azpeitiko Udalak udalerriko egoera energetikoari argazki bat atera eta hau aldatzeko alternatibak aztertu nahi zituen bertako baliabideak erabiliz. Hau dela eta, herrian bertan energia berriztagarriek izan dezaketen potentziala ebaluatzeko azterketa garatu da.
Bertan, eskala txikitik handira garatutako energia-plangintzaren errepasoa egin da, herri eta mankomunitate mailako energia-planak aztertuz eta hauek EAE eta Europako estrategiekin lerrokatuz. Honekin batera, gaur egungo teknologiak energia berriztagarriak ustiatzeko ematen dituen alternatibak baloratuz, ondorengo energia berriztagarri moten analisi sakona egin da herrian bertan energia sortzeko aukerak neurtzeko:
- Eguzki energia fotovoltaikoa: Etxebizitzetako teilatuen eta industria-nabeen estalkietako gehienezko energia-sorkuntza potentziala aztertu da ondo orientatuta dauden eremuak kontuan hartuz. Potentzial hau auzotan eta industriaguneetan banatu da, emaitzen irakurketa errazteko.
- Eguzki energia termikoa: Udalerrian dauden etxebizitza-motak kontuan hartuta, bizitegiaren sektoreak izan dezakeen UBS eskaria kalkulatu da eta hau eguzki energia termikoko kolektoreen bidez hornitu daitekeen aztertu da, kolektore lauak edota hutsean lan egiten duten kolektoreak erabiliz.
- Biomasa: Azpeitiko basoaren egoera optimoa bermatzeko egin behar diren mozketa eta kimatze-lanek sortutako baso-hondakinetan oinarritu da biomasa potentzialaren kalkulua. Udalerriko basoan dauden espezie-motak eta hauen azalera kontuan hartuta, urtero zenbat materia organiko lehor lortu daitekeen kalkulatu da, ondoren berokuntza-sistema fosilak ordezkatzeko erabiliko litzatekeena.
- Energia eolikoa: Haizearen potentzialaren azterketa naturari jada kendutako guneetara mugatu da. Honela, sorgailu minieolikoak herriko haizearen datuekin zenbat energia sortzeko gai diren kalkulatu da.
- Energia hidraulikoa: Emari ekologikoa bermatuz ibaietan inpaktu negatiborik eragingo ez luketen sistemekin gaur egungo ur-saltoek izan dezaketen sorkuntza-potentziala aztertu da. Honetarako, ibaiaren emari-datu historikoak lortu dira eta herriko ur-saltoen katalogoa garatu da, hauen neurri eta ezaugarrietara proposamenak egokituz.
- Bero-ponpa: Bizitegiaren sektoreko erregai-fosilen kontsumoa aerotermia edo geotermiarekin ordezkatu daitekeen aztertu da, honek dakarren energia elektrikoaren menpekotasuna kalkulatuz eta etxebizitza-blokeek izan ohi duten espazio falta kontuan izanda.
- Beroaren berreskurapena: Herrian dauden ur-bero iturburuetatik atera daitekeen energia neurtu da, honekin batera industriak bero-hondarra aprobetxatzeko dituen aukeren zerrenda eginez.
Azkenik, lortutako emaitzak alderatu dira, udalerriak duen potentziala nabarmenduz. Lortutako ondorioei dagokienez, industriaren kontsumo altua, sistema eraginkorren eta biltegiratzearen beharra eta herritarren parte-hartze aktiboa nabarmendu dira.