Ibarrangeluko udaletxean aerotermia instalazioa

Ibarrangelun Energia eta Klima Plan Integratua garatu zen aurreko urtean. Dokumentu honetan zehaztutako lehentasun handiko ekintzetako batek Udaletxeko galdara elektrikoak kendu eta bertan aerotermia instalazio bat egitea proposatzen zuen, galdara elektrikoek errendimendu oso eskasa baitzuten.

Aurten gauzatu dugu aldaketa hau, honetarako 14 kW-ko bi bero-ponpa instalatu dira, bat udaletxeko berokuntzarako eta bestea mediku kontsultarako. Hauek tenperatura altuan funtzionatzen dute, oraindik ez baitira barneko erradiadoreak aldatuko.

Ekintza hau garatu ostean, udaletxeko inguratzaile termikoa hobetu nahi da leihoak, fatxada eta teilatua isolatuz. Behin hau eginda, teilatuan instalazio fotovoltaikoa garatzea planteatzen ari da Udala.

Muxikan 4,4 kW-ko instalazio fotovoltaikoa

Muxikako txabola batean 8 eguzki-modulu instalatu dira inbertsore hibrido batera konektatuta. Honela, 4,4 kW-ko potentzia duen instalazio fotovoltaikoa garatu da, etorkizunean bateriak konektatzea ahalbidetuko duena egindako konfigurazioa aldatu gabe.

Etxebarriako baserri batean 2,75 kW-ko instalazio fotovoltaikoa

Etxebarrian 550 W-ko 5 moduluz osatutako instalazio fotovoltaiko berria egin da etxe bateko sarreraren teilatuan. Hauek dira egindako instalazioaren ezaugarriak:

  • Aurretik tarifa finkoa ordaintzen zen argindarragatik etxean eta zegoen kontsumorako prezioa altua zen.
  • Kontsumoa murrizteko 2,75 kW-ko potentzia instalatu da eguzki-moduluetan.
  • Fakturazio elektrikoa murrizteko kontratu elektrikoa aldatu da komerzializatzaile desberdinen eskaintzak aztertuta.
  • 5 kW-ko inbertsore hibridoa instalatu da, etorkizunean bateriak instalatu eta sarearekiko menpekotasuna murriztea ahalbidetu dezakeena. Gainera, honek eguzki-modulu gehiago instalatzea ere eskaintzen du, baserriko teilatuan lekua baitago.

Ibarrangeluko etxebizitza batean biomasa eta aerotermia bidezko berokuntza, instalazio fotovoltaikoa eta fluxu bikoitzeko aireztapena

Etxebizitza baten berritze-obrak aprobetxatuz energia-sistema berriztagarriak instalatu dira eraginkortasun handiko eta emisio baxuko kontsumoa duen beste etxebizitza bat osatzeko.

Ondorengo lanak egin dira bertan:

  1. ERAGINKORTASUNA – Fluxu bikoitzeko aireztapen-sistema: etxean berritzen den aire berriaren tenperatura egokitzeko.
  2. BEROKUNTZA BERRIZTAGARRIA – Aerotermia instalazioa: 16 kW-ko aire-ura bero-ponpa 500 L-ko inertzia depositura eta 300 L-ko interakumuladorera konektatuta. Berokuntza tenperatura baxuko erradiadoreen bidez emango da.
  3. BEROKUNTZA BERRIZTAGARRIA – Biomasa-estufen instalazioa: egurrezko su-baxu eta estufaren instalazioak, 11 eta 14 kW-ko potentziakoak, hurrenez hurren.
  4. INSTALAZIO FOTOVOLTAIKOA – Eguzki-plaken instalazioa: 6,3 kW-ko eguzki-instalazio fotovoltaikoa aerotermia kontsumoaren igoera elektrikoa ase eta etxeko argindar kontsumoaren zati bat hornitzeko.

Etxebizitzaren obrako isolamendu-lanak ere kontuan hartu behar dira eraginkortasunaren hobekuntzan. Behin obra amaituta, etxebizitzaren ziurtagiri energetikoa (CEE) F hizkitik A hizkira igotzea lortu da.

Markina-Xemeingo etxebizitza bateko isolamenduaren hobekuntza eta instalazio fotovoltaikoa

Auzo bateko etxebizitza batean obra integrala egin da, eraikinaren energia-eraginkortasuna hobetzeko leiho berriak kokatu dira, teilatua aldatu da isolamendua gehituz eta bertan instalazio fotovoltaiko berria jarri da.

Ondorengoa da egin diren lanen laburpena eta lortutako emaitzak:

  • Aurretik etxea pellet galdara baten bitartez berotzen zen baina bero-galera nabarmenak zeuden teilatuaren eta leihoen egoera zela ta.
  • Leiho zaharrak kendu eta hauen ordez beira bikoitzeko leiho eraginkorragoak kokatu dira bero-galerak murrizteko.
  • Paretak barnetik isolatzeko tratamendua aplikatu da etxeko eremu kritikoetan kontsumo termikoa murrizteko
  • Teilatuaren birgaitzea isolatutako teilatu berria jarriz, hau ere bero-galerak murrizteko.
  • 2,7 kW-ko instalazio fotovoltaikoa teilatu berrian kontsumo elektrikoaren zati bat hornitu eta fakturazio energetikoa murrizteko.

Etxebizitzaren ziurtagiri energetiko berriak (CEE) A hizkia lortu du, hau da, hizki gorena. Honek esan nahi du etxe eraginkorra dela eta bere energia-kontsumoak isuri gutxi sortzen dituela.

30,24 kWp-ko instalazio FVa bateriekin Eibarko enpresa baten

Eibarko Azitain poligonoko Rafael Lapeyra SL enpresan instalazio fotovoltaiko berria jarri dugu martxan. Kasu honetan, baterietara konektatuta dagoen instalazioa eginez.

Orain dela urte batzuk LED fokoak instalatu genituen bertan eta ekintza honekin batera, bezeroak argindar faktura murrizteko helburuarekin pauso bat aurrera eraman du. Honez gain, urtean zehar hainbat aldiz argia joaten denez poligonoan, bateriek back-up moduan funtzionatuko dute argi-hornidura itzuli arte makinek lanean jarraitu ahal izan dezaten.

Beraz, hurrengo ekipoak instalatu dira:

  • 540 W-p-ko 56 eguzki-plaka
  • 20 kW-ko inbertsore trifasiko hibridoa
  • 20 kWh-ko kapazitatea duten bateriak, back-up funtzioarekin

Instalazio fotovoltaikoak Mallabian

Udako eguzki-izpiak aprobetxatzeko, Mallabiko familia batek plaka fotovoltaikoak jarri ditu estalkian, bi kontratu elektrikoen kontsumo zati bat hornitzeko.

Hortaz, bi instalazio fotovoltaiko burutu dira. Bata 2,16 kWp-ko potentziarekin (4 eguzki-plaka) eta bestea 5,40 kWp-ko potentzia izanik (10 eguzki-plaka).

Era berean, bi inbertsore hibrido jarri dira, bata trifasikoa eta bestea monofasikoa, etorkizunean plaka fotovoltaikoek sortutako elektrizitatea metatzeko bateriak konektatu ahal izateko.

Mikro sarea Ispasterreko udalerrian

Ispasterko mikrosarea etengabe ari da garatzen 2014az geroztik, bost fase egin dira Bizkaiko udalerri honetan. Ondorengo diagraman sarean garatu diren ekintza nagusien bilakaera ikus daiteke.

Gaur egun, bero-sarea beste kontsumo-puntu batera zabaltzeko lanak amaitu dira (5. fasea). Hona hemen fase bakoitzaren irudiak.

Beraz, bero-sare honekin kontsumo termiko guztia 10 etxebizitzatan eta hainbat eraikin publikoetan hornitzen da: eskola, haurtzaindegia, udala, herriko bi taberna, frontoia, jubilatuen etxea, kultur etxea, haurren jantokia, frontoiko dutxak eta ludoteka. Eta frontoiko instalazio fotovoltaiko isolatuaren bidez, udalaren, kultur etxearen, eskolako jantokiaren, haurtzaindegiaren, erretiratuen etxearen, bateria-gelaren, galdara-gelaren, frontoiko aireztapenaren, frontoiko aldagelen eta ludotekaren elektrizitate-eskaera hornitzen da.

Eguzki-instalazio fotovoltaikoak Bizkaian

2023 urte hasieratik hainbat instalazio egin ditugu, argitalpen honetan egindako bi instalazio fotovoltaikoen deskribapenak aurkitzen dira. Instalazio hauek jada martxan daude, udan eguzki-izpietatik etekin handiena hartzeko prest eta faktura elektrikoa murriztea lortuz.

Alde batetik, Laukizko etxebizitza baten 5,40 kWp-ko potentzia duen eguzki-instalazioa burutu da, 10 plakaz osatuta. Etxebizitza honek aerotermia sistema bat dauka energia eskari termikoa asetzeko, baita Ziurtatutako Energia Berdeko argindar kontratua. Era honetan, energia berriztagarrietan oinarritutako etxebizitza da osotasunean.

Azkenik, Otxandion 5 plakaz osaturiko instalazioa egin da, 2,70 kWp-ko potentzia duena.

Biak sarera konektatuta daude eta eguzki moduluek sortutako energia eskaera asetzeko gai ez direnean, energia saretik hartu ahal izango da. Gainera, diru-zorro birtual berriari etekina ateratzen has daitezke. Tresna honi esker, hornidura-puntuen fakturetan, konpentsatu gabeko soberakinen zenbatekoa metatu ahal izango da.

Eta zuk, animatzen zara elektrizitatea eguzki-energiatik sortzen?

Aire girotua Mallabian

Uda laster dator eta berarekin batera beroa. Hori dela eta, aire girotua instalatzeko garaia heldu da.

Aerotermia bidezko aire girotua bero-ponpa itzulgarri baten funtzionamenduaren bidez sortzen da. Kasu honetan aerotermia sistema aire-aire bidezkoa da, beraz, beroa kanpora doa eta ekipoak aire freskoa zuzenean bidaltzen du gelara.

Hurrengo irudian ikus daitekeen bezala, sistema kanpoko unitate batek (bero-ponpa) eta barruko bi unitatek (bi split, gela bakoitzean bat) osatzen dute. Aipatzekoa da instalazio honen bitartez udan gelak freskatzen diren bitartean, neguan berotzen direla.