Berriatuako txabola batean instalazio fotovoltaikoa

Berrizarrek Berriatuan kokatutako txabola baten teilatuan instalazio fotovoltaiko isolatu bat instalatu du.

Instalazioa JA Solar markako10 eguzki-modulu monokristalinoz osatuta dago, bakoitzak 605 Wp-ko potentzia duena; beraz, guztira, 6,05 kWp-ko potentzia instalatua lortzen da. Instalazioak urtean gutxi gorabehera 6.418 kWh energia sortzea aurreikusten da.

Sortutako energia kudeatzeko, RIIO SUN II 5 kVA-ko inbertsore hibrido isolatu bat instalatu da, 5 kW-ko potentzia duena. Horrez gain, instalazioak 10,08 kWh-ko ahalmena duen biltegiratze-sistema bat du.

Jarduera honen helburua sare elektrikoaren estaldurarik ez duten eremuetara energia elektrikoaren hornidura bermatzea da.

Ibilgailu elektrikoentzako 2 karga-puntu berri Berriatuan

Barrizarrek ibilgailu elektrikoentzako bi karga-puntu berri instalatu ditu Berriatuan, bat frontoian eta bestea udal-brigadako biltegian, ibilgailu elektrikoen erabilera eta karga errazteko.

Frontoiaren alboan, aurretik zegoen karga-puntu publikoa ordezkatu da, instalazioak behin eta berriz funtzionamendu-arazoak izan baititu. Haren ordez, 22 kW-ko V2C Pole Pro karga-puntu trifasiko berria ezarri da, babes elektriko integratuekin eta karga-kablearekin, zerbitzu fidagarriagoa eta egonkorragoa eskaintzeko.

Bestalde, Udal-brigadako biltegian 7,4 kW-ko V2C Trydan karga-puntu monofasikoa ipini da udaleko auto elektrikoentzako; hau ere babes elektriko integratuekin eta karga-kablearekin.

Jarduketa honen bidez, Berriatuko udalerriko ibilgailu elektrikoen (publiko zein udalekoak) karga-azpiegitura hobetu eta mugikortasun eraginkorrago eta jasangarriago baterako aurrerapausoa eman da.

Ibilgailu elektrikoentzako karga-puntu berria Berrizen

Berrizko herrian kokaturio etxebizitza partikular batean ibilgailu elektrikoa kargatzeko gune bat jarri da. Non bere helburua eremu pribatuan energia-eraginkortasuna hobetzea eta ibilgailu elektrikoaren eguneroko erabilera erraztea diren.

Horretarako, 7,4 Kw-ko potentzia duen V2C Trydan karga puntu monofasiko bat instalatu da horman integratuta.

Jarduketa honi esker, familiak ibilgailu elektrikoa modu eroso, eraginkor eta jasangarian kargatzeko aukera izango du, eguneroko mugikortasunaren elektrifikazioa eta garraio-eredu jasangarriago baterako trantsizioa sustatuz.

Ibilgailu elektrikoentzako karga-puntu publiko berria Gautegiz Arteagan

Ibilgailu elektrikoentzako karga-puntu publikoa instalatu da Gautegiz Arteagan, udalerrian mugikortasun jasangarria sustatzeko eta garraioaren deskarbonizazioan aurrera egiteko helburuarekin.

Jarduketaren barruan, 2 × 22 kWko karga-puntu bikoitza instalatu da, 2 motako bi konektorez hornitua eta kargen kudeaketa, erabiltzaileen sarbide-kontrola eta azpiegituraren monitorizazioa ahalbidetzen dituen kudeaketa-sistema adimendunarekin. Azpiegitura udaletxearen atzealdean eraiki den aparkaleku berrian kokatu da.

Azpiegitura berri honi esker, Gautegiz Arteagak beste urrats bat eman du mugikortasun-eredu eraginkorrago eta jasangarriago baterantz, udalerriko herritarrei nahiz bisitariei ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzu publikoa eskainiz.

Karga-puntu elektrikoa Markina-Xemeingo etxebizitza bloke bateko garajean

Markina-Xemeingo etxebizitza-bloke batean ibilgailu elektrikoentzako karga-puntu baten instalazioa egin da. Ekipamendua eraikinaren lurpeko solairuan kokatutako garaje indibidual itxi batean instalatu da, erabiltzailearen etxebizitzaren azpian bertan. Honi esker, ibilgailu elektrikoa etxebizitzatik zuzenean hornitutako puntu propio batean kargatu ahal izango da.

Instalatutako ekipamendua V2C Trydan modelokoa da, erabilera domestikorako eta eguneroko kargarako irtenbide eraginkor eta fidagarria eskaintzen duen karga-puntua. Sistemak sare monofasikoan lan egiten du, eta gehienez 7,4 kWko karga-potentzia eskaintzen du. Horrez gain, 6-32 A arteko intentsitatea konfiguratzeko aukera ematen du, erabiltzailearen beharren eta instalazio elektrikoaren ezaugarrien arabera egokituta.

Erabiltzailearen esperientzia hobetzeko, ekipoak 2,6 hazbeteko pantaila eta karga-egoeraren arabera kolorez aldatzen den RGB argiztapena ditu. Karga-prozesuaren kontrola eta monitorizazioa V2C aplikazioaren edo V2C Cloud plataformaren bidez egin daitezke, urrunetik kudeatzeko aukera eskainiz.

Segurtasunari dagokionez, karga-puntuak IP54 babes-maila du hautsaren eta ur-zipriztinen aurrean, eta IK10 inpaktu-erresistentzia eskaintzen du, ingurune pribatu zein komunitarioetan erabilera segurua bermatuz.

Instalazio honek etxebizitza komunitateetan mugikortasun elektrikoaren aldeko apustua indartzen du, erabiltzaileari bere garaje-plazan bertan karga eroso, segurua eta eraginkorra egiteko aukera eskainiz.

10 kW-ko aerotermia biblock instalazioa Lekeition

Aerotermia teknologia gero eta aukera ezagunagoa da eraikinen deskarbonizazioan, energia berriztagarrien erabilera handitu eta erregai fosilen menpekotasuna murriztuta.

Etxebizitza honetan berokuntza eta ur bero sanitarioa (UBS) hornitzeko aerotermia bibloc sistema bat instalatu da, energia-eraginkortasuna hobetzeko eta energia-kontsumoa murrizteko helburuarekin.

Instalatutako ekipamendua Kosner Aquaris Bibloc MD 10 R-32 bero-ponpa da. Sistema honek 10 kW-ko potentzia termiko nominala du, 190 litroko ur bero sanitarioaren biltegi integratua eta A+++ energia-ziurtagiria. Gainera, tenperatura altuko instalazioetan lan egiteko diseinatuta dago, 3,47ko COParekin, eta horrek energia-eraginkortasun handia bermatzen du berokuntza eta UBS ekoizpenean.

Proiektuaren barruan honako lanak egin dira:

  • Aerotermia ekipoaren hornidura eta instalazioa.
  • Hartune elektrikoa eta babes-sistemen instalazioa.
  • WiFi eta aplikazio bidezko kontrola duen termostatoaren ezarpena.
  • Instalazio hidraulikorako material osagarrien hornidura (hoditeria, segurtasun-elementuak, osagarriak eta loturak).
  • Sistema martxan jartzea eta probak egitea.
  • Instalazioaren legeztatzea eta dirulaguntzen izapidetzea.

Energia-aurrezpena eta emisioen murrizketa

Egindako azterketaren arabera, gaur egun gas naturalean oinarritutako berokuntza-sistema aerotermiaz ordezkatuz gero, energia-kontsumoan eta ustiapen-kostuetan hobekuntza nabarmena lortuko litzateke.

Egindako kalkuluen arabera (emaitza biribilduak):

  • Urteko energia-kontsumoa 4.200 kWh-tik 1.200 kWh-ra murriztu daiteke.
  • Horrek 3.000 kWh-ko aurrezpena ekarriko luke, hau da, % 71 inguruko murrizketa.
  • Urteko energia-kostuari dagokionez,% 33 inguruko aurrezpena aurreikusten da.
  • CO₂ emisioak guztiz ezabatzea aurreikusten da, urtean 1.055 kg CO₂ saihestuz.

Kontuan izan behar da aerotermiaren kontsumoa elektrikoa dela, eta emaitzak instalazioaren erabileraren, energiaren prezioen eta etxebizitzaren baldintzen arabera alda daitezkeela.

Eskuragarri dauden dirulaguntzak

Instalazio mota honetarako gaur egun energia-eraginkortasuna sustatzeko dirulaguntzak daude eskuragarri. Beraz, 10 kW-ko aerotermia instalazio batek 3.000 euro arteko dirulaguntza jaso dezake, indarrean dauden programen baldintzen arabera.

Eguzki-instalazio fotovoltaikoa Markina-Xemeinen

Barrizarrek autokontsumorako eguzki-instalazio fotovoltaiko berri bat gauzatu du Markina-Xemeingo Meabe auzoan, etxebizitzaren energia-autonomia handitzeko eta sare elektrikotik datorren kontsumoa murrizteko.

Jarduketaren barruan, 9,28 kWp-ko instalazio fotovoltaikoa, 6 kW-ko inbertsore hibridoa eta 20,16 kWh-ko bateria-sistema instalatu dira. Konfigurazio horri esker, sortutako eguzki-energia ahalik eta gehien aprobetxatzen da, soberakina biltegiratu edo sare elektrikora bideratuta, autokontsumoaren eraginkortasuna maximizatzeko.

Instalazio berriak etxebizitzaren energia-eraginkortasuna hobetzen du, sarearekiko mendekotasuna murrizten du eta energia garbiaren erabilera sustatzen du, etorkizun jasangarriago baterantz urrats sendoa eginez.

Instalazio fotovoltaikoa Markina-Xemeingo bi etxebizitzako eraikin batean

Markina-Xemeingo baserri bikoitz batean autokontsumorako instalazio fotovoltaiko bat egin da, bi hornidura monofasikori energia berriztagarria emateko eta bakoitzarentzat biltegiratze-sistemarekin.

Etxebizitza bakoitzera konektatutako instalazioak 8,93 kW-ko potentzia du paneletan, 595 W-ko 15 panel fotovoltaiko bifazialekin eta Azzurro HYD 6000 ZSS HP inbertsore hibridoarekin. Horrez gain, 10 kWh-ko Pylontech litiozko bateriak instalatu dira, sortutako energia metatu eta autokontsumoa optimizatzeko.

Kasu honetan, argia joaten denean bateriak erabili ahal izateko, akometida elektriko bikoitza egin da. Honela, etxeko argindar-koadro orokorra zuzenean inbertsorera konektatu da eta hau arduratzen da energiaren kudeaketa optimizatua egiteaz; behar denean energia saretik hartuz, eta soberakinak sarera salduz.

Proiektuaren barruan ekipamenduaren hornidura, instalazio elektrikoa, martxan jartzea, legeztatzea eta dagozkion dirulaguntzen izapidetzea ere egin dira.

Instalazio mota honek sare elektrikotik hartutako energiaren kontsumoa murrizten laguntzen du, autokontsumoa handitzen du eta energia berriztagarrien erabilera sustatzen du, landa-inguruneko eraikinen energia-eraginkortasuna hobetuz.

Aerotermia instalazioak Lemoizen: Kultur Etxea eta Mediku kontsulta

2025eko bigarren seihilekoan zehar, Lemoizko udal ekipamenduetan bi obra esanguratsu gauzatu dira, eraikinen energia-eraginkortasuna eta erabiltzaileen erosotasuna hobetzeko helburuarekin.

Urizar auzoko kultur etxean, aerotermia bidezko berokuntza-sistema berria instalatu da, KOSNER AQUARIS MD16 R32 16 kW biblock bero-ponparekin. Instalazioak 150 litroko inertzia-depositua zoru erradiatzailearen bolumen hidraulikoa handitzeko; eta, termostato programagarriarekin sistemaren errendimendua eta kontrola optimizatzen dira.

Era berean, Armintzako mediku kontsultan klimatizazio-sistema osoa berritu da. Horretarako, aurreko instalazioa kendu eta KOSNER KSTI CS/CN 140 R410A kanpo-unitate zentrifugoa, fankoil berriak eta banaketa-sistema berria instalatu dira, ekipamenduaren fidagarritasuna eta eraginkortasuna hobetzeko.

Jarduketa hauek Lemoizko udal-eraikinen modernizazioaren eta energia-kudeaketa jasangarriagoaren aldeko konpromisoaren erakusgarri dira.

Aerotermia eta fotovoltaika instalazioa Markina-Xemeingo baserri batean

Baserri honetan egindako birgaitze energetikoaren helburu nagusia kontsumoa iturri berriztagarrietan oinarritzea izan da. Trantsizio energetiko hori gauzatzeko, bi sistema nagusi instalatu dira:

  • Aerotermia: etxebizitzaren berokuntza eraginkorra bermatzeko.
  • Eguzki-energia fotovoltaikoa: etxeko eta aerotermia-sistemaren kontsumo elektrikoaren zati bat modu garbian hornitzeko.

Aldaketa hauekin, eraikinaren efizientzia hobetzeaz gain, ingurumen-inpaktua nabarmen murriztea lortu da.

Sorkuntza termikoari dagokionez, A+++ ziurtagiria duen 16 kWeko bero-ponpa instalatu da. Honi etxeko beheko sua batuko zaio, eta biekin batera etxebizitzaren berokuntza-sistema hornituko da. Etxeko ur beroari (UBS) dagokionez, aerotermia bidez sortu eta depositu batean biltegiratuko da, uneoro erabiltzeko prest egon dadin

Sorkuntza elektrikoaren kasuan, 6,6 kWko instalazio fotovoltaiko bat instalatu da, sarera konektatuta dagoena, soberakinen konpentsaziora lotuta. Instalazioa etorkizunean biltegiratze-sistema instalatu ahal izateko prestatuta dago.