Legazpiko klima eta energia Plan Integratua

Legazpiko Udalak 2023 urtean energia-plangintzarako balioko zion Klima eta Energia Planaren garapena martxan jartzea erabaki zuen.

Dokumentu honek 2030 urterako bidea finkatzea du helburu, autonomia erkidego mailatik Europa mailara doazen estrategiekin bat egin eta karbonoan neutroa den udalerria bihurtzeko.

Honetarako udalerriko energia-kontsumo eta isurien azterketa sakona egin da, klima aldaketak izan ditzakeen arriskuak aztertzeaz gain. Honela, hobekuntzarako ekintza desberdinak prestatu dira klima aldaketa arintzeko eta honetara egokitzeko lerro estrategikoetan banatuta:

  1. Energia eraginkortasuna: Zerbitzu publikoetako kontsumo elektriko eta termikoa murrizteko proposamenak, udalerriko kontsumoaren murrizketa sustatzeko ekintzekin batera.
  2. Energia sorkuntza berriztagarria: Herrian bertan energia sortzeko proposamenak, sektore publikoak eredu izan behar du herritarrek ere bide bera jarri dezaten. Udalerri mailako kontsumo fosilen erabilera ordezkatzeko alternatibak ere aztertu dira.
  3. Mugikortasun jasangarria: Erregai fosiletan oinarritutako mugikortasuna murriztu edota ordezkatzeko alternatibak.
  4. Ekonomia zirkularra: Kontsumo arduratsua, hondakinen prebentziora eta hondakinen kudeaketara bideratutako ekintzak: birziklapen-tasa handitu, hondakin kantitatea murriztu eta kontzientziazioa handitzeko ekintzak.
  5. Arrisku klimatikoa: Klima aldaketaren inpaktuen aurrean udalerriko azpiegiturak hobetu eta egokitzea, arrisku hauek murriztu eta biztanleria babesteko. Era berean, lehorteen aurrean herria prestatzea, egoera berrietara egokitzen laguntzeko eta inpaktuak murrizteko.
  6. Biodibertsitatearen sustapena: Fauna eta flora babestuko dituzten ekintzen garapena, baso-ereduaren aldaketa eskatzen duena.
  7. Pobrezia energetikoa: pobrezia energetkoa murrizteko ekintzen azterketa.
  8. Prestakuntza, informazioa eta sentsibilizazioa: herritarren parte-hartzea sustatzeko.

Proposatutako ekintzekin, 2030rako lortu nahi diren udalerri-mailako helburuak ondorengoak dira:

KLIMA ALDAKETA ARINTZEKO HELBURUAK

Udalerri mailan:

  • CO2 isuriak % 55 murriztea.
  • Energia-kontsumoa % 12 murriztea.
  • Energia berriztagarrien ekarpena kontsumoaren % 32 izatera iristea.

Administrazio publikoan:

  • Energia berriztagarrien ekarpena kontsumoaren % 32 izatea.
  • Energia kontsumoa % 35 murriztea.

KLIMA ALDAKETARA EGOKITZEKO HELBURUAK

  • Bero-boladak aurreikusten ikastea eta azpiegituren egokitzapena.
  • Lehorteak daudenean sute-arriskua kontrolpean izatea eta ur-hornidura bermatzea.

Albiste osoa eta Plan Integratua hemen eskuragarri.

ASTEKLIMA ekimen onenaren saria

ASTEKLIMA Euskadiko Klima eta Energiaren astea da, aurten urrian ospatu da. Egitarau zabala izan ohi du eta aurten BARRIZARek Ortuellako Udalean antolatutako “Energia berriztagarriei buruzko haur-tailerra” ekimenak 5.000 eta 20.000 biztanle arteko udalerrietako ekimen onenaren saria eskuratu du!

30,8 kW-ko instalazio FV partekatua Lemoizen

Lemoizko Udalak, udalerriko Plan Energetikoan adierazitako lerro estrategikoekin bat eginez, autokontsumorako 30,8 kWko instalazio-fotovoltaiko partekatu bat instalatu du eskolako estalkian, Udalaren jabetzapekoak diren instalazioen argindar hornidura asetzeko.

Hornitu beharreko eraikinak, Udaletxea, Urizar Frontoia, Udaletxe Zaharra, Eskola, Eskolako Jantokia eta Ura ponpatzeko Estazioa dira. Autokontsumorako instalazio fotovoltaiko partekatuak, apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuaren arabera, gehien jota 2.000 mra egon daitezke kontsumo-puntuekiko. Eskola hautatu da instalazioa gauzatzeko, eraikinaren tamainaren eta kokapenaren arabera aukera egokiena baita.

Guztira 550 Weko potentziadun 56 panel fotovoltaiko instalatu dira, 15 kWko potentziako bi inbertsorekin batera.

Instalazio honen bitartez, urtean 35.529 kWh ekoiztea espero da, zeinetatik % 60 inguru autokontsumitzea espero den.

Aire girotua eta termo elektrikoa Mallabian

Mallabiko baserri batean beroa eta hotza ematen duen aire-aire motako aerotermia eta UBS izateko termo elektriko bat kokatu dira, aurretik instalatutako instalazio fotovoltaikotik kontsumoaren zatirik handiena hartuko dutenak.

Bero-sarearen lehenengo fasea Berriatuan

Ispasterko eredua jarraituz, Berritxun ere kontsumo fosilak biomasarekin ordezkatzeko bero-sarea martxan jartzen gabiltza. Honetarako, frontoiko sotoa egokitu da galdara-gela moduan eta lurpeko hodi isolatuen bidez konektatu dira frontoia, udaletxea eta eskola, azken hau etorkizunean konektatzeko asmoarekin.

Bero-sarearen bihotza biomasa-galdara izango da, ezpalak erreko dituena 130 kW-ko potentziarekin. Honi ura berotzen hutsean lan egiten duten eguzki-kolektore termikoek lagunduko diote, hauek udaletxearen teilatuan kokatu dira 17 kW-ko potentziarekin.

Aerotermia instalazioa Berrizen

Berrizko etxebizitza bateko gasolio-galdara kendu da, ondorengoa instalatuz:

  • Hotza eta beroa eman dezakeen 16 kW-ko aerotermia ekipoa
  • UBS eta berokuntzarako 300 litroko deposito bana
  • Fancoil berriak logeletan udan hotza emateko aukerarekin
  • Etxeko erradiadore guztietan balbula termostatikoak

Ibarrangeluko energia-komunitatearen sorkuntza

Azken hilabeteetan Ibarrangeluko energia-komunitatearen sorkuntzan lehen pausoak ematen egon gara bertako herritarrekin batera. Honetarako, herritarren partaidetza aktiboaz energia-komunitateen funtzioa ulertu da eta estatutoen sorkuntzan aurrera goaz. Ondoren herritarren beharrei erantzungo dien proiektu teknikoa zehaztuko da, komunitatea energia sortu eta partekatzeko erraminta bezala erabiliz.

Ajangizko energia-komunitatearen sorkuntza

Azken hilabeteetan Ajangizko energia-komunitatearen sorkuntzan lehen pausoak ematen egon gara bertako herritarrekin batera. Honetarako, herritarren partaidetza aktiboaz estatutoak idatzi eta proiektu teknikoa zehaztu dira. Orain energia sortu eta partekatzeko eremu posibleak aztertzen gabiltza, hurrengo pausoa proiektuaren martxan jartzea izango delarik.

Paradigmaren Alemaniako fabrikara bisita

Irailean Paradigmaren fabrika eta formakuntza-zentroa bisitatzeko aukera izan genuen, formakuntza ikastaro baten bidez azken produktuekin esperientzia lortzeko.

Paradigmaren eguzki-kolektore termikoek hutsean lan egiten duten hodien bidez funtzionatzen dute, eguzki-argia ur-beroan bihurtuz. Gainera, ez dute inolako hozgarririk erabiltzen eguzki-fluido gisa, honetarako ur hutsa soilik erabiliz,

Berriztagarrien potentzial azterketa Azpeitian

Azpeitiko Udalak udalerriko egoera energetikoari argazki bat atera eta hau aldatzeko alternatibak aztertu nahi zituen bertako baliabideak erabiliz. Hau dela eta, herrian bertan energia berriztagarriek izan dezaketen potentziala ebaluatzeko azterketa garatu da.

Bertan, eskala txikitik handira garatutako energia-plangintzaren errepasoa egin da, herri eta mankomunitate mailako energia-planak aztertuz eta hauek EAE eta Europako estrategiekin lerrokatuz. Honekin batera, gaur egungo teknologiak energia berriztagarriak ustiatzeko ematen dituen alternatibak baloratuz, ondorengo energia berriztagarri moten analisi sakona egin da herrian bertan energia sortzeko aukerak neurtzeko:

  • Eguzki energia fotovoltaikoa: Etxebizitzetako teilatuen eta industria-nabeen estalkietako gehienezko energia-sorkuntza potentziala aztertu da ondo orientatuta dauden eremuak kontuan hartuz. Potentzial hau auzotan eta industriaguneetan banatu da, emaitzen irakurketa errazteko.
  • Eguzki energia termikoa: Udalerrian dauden etxebizitza-motak kontuan hartuta, bizitegiaren sektoreak izan dezakeen UBS eskaria kalkulatu da eta hau eguzki energia termikoko kolektoreen bidez hornitu daitekeen aztertu da, kolektore lauak edota hutsean lan egiten duten kolektoreak erabiliz.
  • Biomasa: Azpeitiko basoaren egoera optimoa bermatzeko egin behar diren mozketa eta kimatze-lanek sortutako baso-hondakinetan oinarritu da biomasa potentzialaren kalkulua. Udalerriko basoan dauden espezie-motak eta hauen azalera kontuan hartuta, urtero zenbat materia organiko lehor lortu daitekeen kalkulatu da, ondoren berokuntza-sistema fosilak ordezkatzeko erabiliko litzatekeena.
  • Energia eolikoa: Haizearen potentzialaren azterketa naturari jada kendutako guneetara mugatu da. Honela, sorgailu minieolikoak herriko haizearen datuekin zenbat energia sortzeko gai diren kalkulatu da.
  • Energia hidraulikoa: Emari ekologikoa bermatuz ibaietan inpaktu negatiborik eragingo ez luketen sistemekin gaur egungo ur-saltoek izan dezaketen sorkuntza-potentziala aztertu da. Honetarako, ibaiaren emari-datu historikoak lortu dira eta herriko ur-saltoen katalogoa garatu da, hauen neurri eta ezaugarrietara proposamenak egokituz.
  • Bero-ponpa: Bizitegiaren sektoreko erregai-fosilen kontsumoa aerotermia edo geotermiarekin ordezkatu daitekeen aztertu da, honek dakarren energia elektrikoaren menpekotasuna kalkulatuz eta etxebizitza-blokeek izan ohi duten espazio falta kontuan izanda.
  • Beroaren berreskurapena: Herrian dauden ur-bero iturburuetatik atera daitekeen energia neurtu da, honekin batera industriak bero-hondarra aprobetxatzeko dituen aukeren zerrenda eginez.

Azkenik, lortutako emaitzak alderatu dira, udalerriak duen potentziala nabarmenduz. Lortutako ondorioei dagokienez, industriaren kontsumo altua, sistema eraginkorren eta biltegiratzearen beharra eta herritarren parte-hartze aktiboa nabarmendu dira.