Instalazio fotovoltaikoa Markina-Xemeingo bi etxebizitzako eraikin batean

Markina-Xemeingo baserri bikoitz batean autokontsumorako instalazio fotovoltaiko bat egin da, bi hornidura monofasikori energia berriztagarria emateko eta bakoitzarentzat biltegiratze-sistemarekin.

Etxebizitza bakoitzera konektatutako instalazioak 8,93 kW-ko potentzia du paneletan, 595 W-ko 15 panel fotovoltaiko bifazialekin eta Azzurro HYD 6000 ZSS HP inbertsore hibridoarekin. Horrez gain, 10 kWh-ko Pylontech litiozko bateriak instalatu dira, sortutako energia metatu eta autokontsumoa optimizatzeko.

Kasu honetan, argia joaten denean bateriak erabili ahal izateko, akometida elektriko bikoitza egin da. Honela, etxeko argindar-koadro orokorra zuzenean inbertsorera konektatu da eta hau arduratzen da energiaren kudeaketa optimizatua egiteaz; behar denean energia saretik hartuz, eta soberakinak sarera salduz.

Proiektuaren barruan ekipamenduaren hornidura, instalazio elektrikoa, martxan jartzea, legeztatzea eta dagozkion dirulaguntzen izapidetzea ere egin dira.

Instalazio mota honek sare elektrikotik hartutako energiaren kontsumoa murrizten laguntzen du, autokontsumoa handitzen du eta energia berriztagarrien erabilera sustatzen du, landa-inguruneko eraikinen energia-eraginkortasuna hobetuz.