Busturiko Klima eta Energia Plan Integratua

Busturiko Udalak mugarri garrantzitsua ezarri du 2025ean udalerriaren trantsizio energetikoan: Klima eta Energia Planaren garapena. Dokumentu estrategiko honek datozen 25 urteetako bide-orria finkatzen du, karbonoan neutroa izango den udalerria lortzeko asmoz.

Euskadiko zein Europako estrategia nagusiekin bat eginez, plan honek Busturiko energia-kontsumoaren eta isurien azterketa sakona du oinarri. Gainera, klima-aldaketak herrian izan ditzakeen arriskuak aurreikusteko balio du, herritarren ongizatea eta ingurumena babesteko.

Lehentasunezko ekintzak: Erronkatik ekintzara

Plana ez da asmo huts bat eta aurrera eramateko ekintza ezberdinak adierazi dira. Lehentasun handiena duten ekintzak ondorengoak dira:

  • Eraginkortasuna eraikin publikoetan: Udal eraikinen energia-auditoretzak eta ziurtagiriak egitea, baita Mediku Etxean eta Kultur Etxean sistemak berritzea ere (aerotermia eta zonifikazioa).
  • Energia-auditoretzak: udal eraikinetan eta argiteria publikoan.
  • LED argien instalazioarekin jarraitzea Argiteria Publikoan.
  • Energia berriztagarriak eta komunitatea: eguzki-instalazio fotovoltaikoak kiroldegian, energia-komunitateen sorkuntza eta eguzki-energia partekatua bultzatzea.
  • Mugikortasuna eta garraioa: auto elektrikoentzako karga-puntuak instalatzea eta bidegorriaren erabilera sustatzea.
  • Gizarte-konpromisoa eta babesa: eskualdeko energia-bulegoa sortzea, pobrezia energetikoari aurre egiteko protokoloak garatzea eta itsas mailaren igoeraren aurkako babes-neurriak hartzea.

Proposatutako ekintzekin, 2050erako lortu nahi diren udalerri-mailako helburuak ondorengoak dira:

KLIMA ALDAKETA ARINTZEKO HELBURUAK

  • CO2 isuriak % 60 murriztea.
  • Energia-kontsumo primarioa % 40 murriztea.
  • Energia berriztagarrien ekarpena kontsumoaren % 40 izatera iristea.

KLIMA ALDAKETARA EGOKITZEKO HELBURUAK

  • Bero-boladak aurreikusten ikastea eta azpiegituren egokitzapena.
  • Ibai-uholdeen aurrean babesak eraikitzea eta eremu zaurgarriak babestea.
  • Lehorteak daudenean sute-arriskua kontrolpean izatea eta ur-hornidura bermatzea.