Aire girotua eta termo elektrikoa Mallabian

Mallabiko baserri batean beroa eta hotza ematen duen aire-aire motako aerotermia eta UBS izateko termo elektriko bat kokatu dira, aurretik instalatutako instalazio fotovoltaikotik kontsumoaren zatirik handiena hartuko dutenak.

Bero-sarearen lehenengo fasea Berriatuan

Ispasterko eredua jarraituz, Berritxun ere kontsumo fosilak biomasarekin ordezkatzeko bero-sarea martxan jartzen gabiltza. Honetarako, frontoiko sotoa egokitu da galdara-gela moduan eta lurpeko hodi isolatuen bidez konektatu dira frontoia, udaletxea eta eskola, azken hau etorkizunean konektatzeko asmoarekin.

Bero-sarearen bihotza biomasa-galdara izango da, ezpalak erreko dituena 130 kW-ko potentziarekin. Honi ura berotzen hutsean lan egiten duten eguzki-kolektore termikoek lagunduko diote, hauek udaletxearen teilatuan kokatu dira 17 kW-ko potentziarekin.

Aerotermia instalazioa Berrizen

Berrizko etxebizitza bateko gasolio-galdara kendu da, ondorengoa instalatuz:

  • Hotza eta beroa eman dezakeen 16 kW-ko aerotermia ekipoa
  • UBS eta berokuntzarako 300 litroko deposito bana
  • Fancoil berriak logeletan udan hotza emateko aukerarekin
  • Etxeko erradiadore guztietan balbula termostatikoak

Aerotermia eta fotovoltaika instalazioa Ibarrangeluko etxebizitza batean

Etxebizitza honetan egin behar ziren energia-birgaitze lan orokorren barnean, ur beroa sortzeko aerotermia eta instalazio fotovoltaikoa kokatu dira, honela berriztagarrietan oinarritutako kontsumoa duen etxebizitza lortzeko.

Energia elektrikoari dagokionez, 6,5 kW-ko instalazio fotovoltaikoa kokatu da 5 kWh-ko biltegiratzea duten bateriekin. Sarera konektatuta egongo da hau, soberakinen konpentsazioarekin.

Energia termikoari dagokionez, zoru erradiantea instalatu da etxebizitza berotzeko, bertatik pasaraziko den ur beroa 10 kW-ko aerotermia-ekipoak berotuko du. Bestetik, UBS sorkuntzarako, bero-ponpa txiki bat integratuta duen depositu bat erabiliko da.

Eibarko Azitain poligonoan instalazio fotovoltaikoaren handitzea

Aurretik Rafael Lapeyra SL enpresan egindako instalazio fotovoltaikoaren handitze lanak egin ditugu.

Lehenengo fasean 30,24 kW-ko instalazio fotovoltaikoa jarri zen martxan, 20 kW-ko inbertsore batekin eta 20 kWh biltegiratze-ahalmena duten bateriekin.

Egindako handitze-lanekin ondorengoa lortu da guztira:

  • 105,04 kW eguzki-moduluetan
  • 20 kW-ko lau inbertsore hibrido, guztira 80 kW inbertsoreetan
  • 40 kWh-ko energia-biltegiratzea baterietan argia joaten bada argindarra izaten jarraitzeko

Markina-Xemeingo txabola baten elektrifikazioa

Argindarrik ez zegoen txabola batean eguzki-plakak instalatu ditugu bateriekin. Gainera, solairu bakoitzean koadro bat kokatuz argiak eta termo elektriko bat jarri dira, argia eta ur beroa izateko.

Honela, 4,4 kW-ko instalazio fotovoltaikoa egin da, 5 kW-ko inbertsorearekin eta 9,6 kWh-ko biltegiratzearekin baterietan.

Furgoneta batentzako energia-maletina

Batzuetan camper moduan erabiltzen diren furgonetetan ez da instalazio finkorik egin nahi izaten espazio gehiago izateko barnean. Tolestu daitekeen eguzki-plaka batekin eta konexio-elektrikoak integratzen dituen maletin batekin energia-estazio portatil bat eduki daiteke.

Egindako azken lan honetan inbertsorea eta karga-erregulatzailea maletin baten barnean integratu ditugu beharrezko konexio guztiekin plaka, bateria eta kontsumo-puntua modu errazean konektatzeko. Gainera, bateriaren karga-egoera eta eguzki-sorkuntza bezalako datuak kontrola daitezke bistaratutako datuei esker.

Kasu honetan 160 W-ko eguzki-panela eta 1.200 W-ko inbertsorea erabili dira.

Berokuntza-sistemaren kontrola eta erregulazioa LEARTIKER eta LEA ARTIBAI FUNDAZIOAN

Jende askok lan egiten duen bulegoetan ez da erraza langile guztien konfort termikoa topatzea, normalean solairuko termostato bat egoten baita eta honek berogailu guztiak aldi berean piztu edo itzaltzeko agindua ematen du.

Honi konponbidea emateko, berogailuak banan banan kontrolatzeko aukera ematen duten balbula termostatiko adimendunak instalatu dira. Balbulak radio-seinale bitartez komunikatzen dira zentralitarekin, eta azken hau internetera konektatuta dagoenez, erradiadore bakoitza edozein lekutatik piztu edo itzaltzeko aukera ematen du sistemak.

Erregulazio eta kontrol sistema berriari esker, eraikineko kontsumo termikoa murrizteko eta eremuen kontrol banandua egiteko modua lortu da.

Karrantzako etxebizitza batean aerotermia eta zonifikazioaren kontrola

Etxe honetan instalazio fotovoltaiko bat zegoen aurretik eta gasoliozko galdara baten bitartez berotzen zen lehen. Bezeroak eguzki-moduluen aprobetxamendua handitu eta kontsumo fosila ezabatzeko aerotermia-ekipo bat instalatu nahi zuen, era berean etxeko berokuntza zonifikatu eta logelak klimatizatzeko.

Aipatutako beharrak asetzeko tenperatura altuan lan egin dezakeen 14 kW-ko bero ponpa bat instalatu da 240 L-ko interakumuladore batekin, Ur Bero Sanitarioa ere hornitzeko. Honez gain, etxeko eremu desberdinen berokuntza/hozketa modu independentean kontrolatzeko zonifikazio-sistema bat jarri da eta logeletan fancoilak kokatu dira.

Mallabiko baserri batean banaketa hidrauliko berria

Baserri honetan gasolio-galdarak berotutako uraren banaketa gaizki diseinatuta zegoen eta ur beroaren zirkuituan dutxak erradiadiore bat gehiago bezala konektatuta zeuden, hau da, dutxan ur beroa izateko etxeko erradiadore guztiak berotzen ziren lehenengo.

Hau konpontzeko, hoditeria hidraulikoaren banaketa berritu da kontrol-sistema egokitu bat instalatuta, orain ur beroa modu egokian banatzen da etxean zehar.