Aerotermia eta instalazio fotovoltaikoa Bakioko etxebizitza batean

Etxe honetan egindako birgaitze energetikoaren helburu nagusia kontsumoa iturri berriztagarrietan oinarritzea izan da. Trantsizio energetiko hori gauzatzeko, bi sistema nagusi instalatu dira:

Aerotermia: etxebizitzaren berokuntza eraginkorra bermatzeko.

Eguzki-energia fotovoltaikoa: etxeko eta aerotermia-sistemaren kontsumo elektrikoaren zati bat modu garbian hornitzeko.

Aldaketa hauekin, eraikinaren efizientzia hobetzeaz gain, ingurumen-inpaktua nabarmen murriztea lortu da.

Horretarako, alderdi termikoari dagokionez, biblock aerotermia sistema bat planteatu da, kanpo-unitate independente batez eta barne-unitate batez osatuta. Berokuntzarako, 150 litroko inertzia-depositu batera konektatu da sistema, eta 240 litroko biltegiratze integratua du barne-unitateak Ur Bero Sanitariorako. Gainera, gela batzuetan instalatutako fancoil unitateei esker sistemak hotza ere eman dezake.

Sorkuntza elektrikoaren kasuan 7,14 kWp-ko instalazio fotovoltaiko hibridoa instalatu da bateria eta guzti. Bere diseinua etxebizitzaren energia-beharretara egokitu da eta energia-kontsumoa zein ohiko energia-iturriekiko mendekotasuna murrizteko helburua du. Azkenik, Pylontech etxeko 4,8 kWh-ko bateriekin eguzki orduetan sortutako energia soberakina gorde dezake sistemak, gaueko orduetan sareko argindar eskaria murrizteko..

ASTEKLIMA 2026: Energia berriztagarria Ajangiz eta Markina-Xemeinen

Asteklima 2026 ekimenaren baitan, gure taldeak Ajangizen eta Markina-Xemeinen jarduera desberdinak antolatu ditu.

Alde batetik, Energia Aholkularitzako informazio puntua jarri dugu bi egunetan Markina-Xemeinen herritarrei etxebizitza eta eraikinetan energia kontsumoa murrizteko eta sistema jasangarriagoak ezartzeko dauden aukerak azaltzeko. Testuinguru horretan, inguruko informazioa ere eskaini da.

Bestetik, hitzaldi irekiak eskaini ditugu bi herrietan:

  • Ajangizen gasolioaren eta gasaren ordezko alternatiba berriztagarriak landu eta komunitate energetikoaren jarraipena eta sustapena egin dira.
  • Markina-Xemeinen, aldiz, hotz-instalazioen aukerak eta betebeharrak aztertu dira.

Ekimen hauekin guztiekin, gure taldeak energia jasangarriaren aldeko konpromisoa berretsi du, informazioa, parte-hartzea eta hurbiltasuna oinarri hartuta.

Fruizko probalekuko instalazio fotovoltaikoaren diseinua eta obra zuzendaritza

Fruizko Udalak pauso bat gehiago eman du energia-trantsizioan, probalekuko estalkian kokatutako autokontsumo fotovoltaiko partekatuko instalazioa amaituta. 43,5 kW-ko potentzia duen instalazio honek 75 eguzki-panel ditu. Eguzki-sistemaren ezaugarri optimoei esker, sortutako argindarrak inguruko hainbat udal-eraikin eta zerbitzu hornituko ditu: probalekua, futbol-aldagelak, eskola zaharrak, frontoia, igerilekua, udaletxea, Lurbarri eraikina eta Lurraldai txokoa.




Barrizarrek diseinatutako proiektua lizitaziora atera da, eta exekuzio fasean enpresa instalatzailearen koordinazioa zein obra zuzendaritzaz arduratu gara. Halaber, instalazioaren kalitate-kontrola gauzatu dugu, funtzionamendu egokia eta baldintza teknikoen gutxieneko betetze maila bermatzeko.

Fruizko Udalaren energia-beharrak aztertzerakoan, berezitasun nagusi bat identifikatu da: igerilekuko ur-ponpa, iragazte eta tratamendu-sistemek eragindako kontsumo handia, lau hilabeteko epean kontzentratzen dena. Sorkuntza eta kontsumo kurbak optimizatzeko, energiaren banaketa ehuneko desberdinetan egingo da urtean zehar bi aldi nagusitan banatuta:

  • Urria – maiatza: igerilekuak ez du kontsumorik, baina aerotermia bidez berotzen diren eraikinen energia-eskaria asetzeko erabiliko da energia.
  • Ekaina – iraila: eraikinetako berokuntza-eskaria txikitzen denez, igerilekuko kontsumoa asetzeo erabiliko da.

Beheko irudian energia banaketa ikusiten da eraikin desberdinen artean.

Modu honetan Fruizko Udalak instalazio fotovoltaiko eraginkor, malgu eta erabat optimizatua du bere eraikin publikoen jasangarritasuna bermatuz.

Lekeitioko Trinkete Etxeko instalazio berriztagarri termiko zein elektrikoen diseinua eta obra-zuzendaritza

Lekeitioko Udalak Trinkete Etxeko erregai fosilak berriztagarriengatik ordezkatzeko eta energia-menpekotasuna murrizteko proiektuaren diseinatzeko ardura eman zion Barrizar kooperatibari.

Eraikin honek berokuntzarako 332 kW-ko gasolio galdara gaindimentsionatu bat zuen instalatuta lehen, teilatuan funtzionatzen ez zuen kolektore termikoen instalazio batekin batera.

Eraikinaren kontsumo-eredua sistema berriztagarri eta eraginkor batera aldatzeko, gasolio-galdara aerotermiarengatik ordezkatzeko instalazioa dimentsionatu zen, teilatuan instalazio fotovoltaiko bat instalatzeko aukera azpimarratuz, Honela, lanak lizitaziora atera zituen Udalak eta zuzendaritza-lanak gainbegiratu ditugu.

Obraren dimentsionamenduan eta jarraipen teknikoan, ardatz nagusi hauek zaindu eta ziurtatu dira:

  • Kontsumo handieneko egunei erantzuteko ahalmena.
  • Sistema berriaren eraginkortasun-maila altua.
  • Elementuen eta horniduren kalitatea.
  • Proiektuaren hobekuntzak.
  • Martxan jartze optimoa eta mantentze-planaren gutxieneko baldintzak.

Aerotermia-sistema berria 16 kW termikoko sei aerotermia ekipok eta 500 L-ko bost deposituz osatuta dago. Aerotermia ekipoetako batek tenperatura altuan funtzionatzen du UBS zerbitzuan Legionella arazoak saihesteko, deposituetako bi berokuntzara bideratuta daude eta beste hirurak UBS zerbitzua bermatzera.

Instalazio fotovoltaiko berria 15 kW-ko bi inbertsore hibridoz eta 595W-ko potentzia duten 66 modulu fotovoltaikoz osatuta dago. Inbertsore hibridoek etorkizunean bateriak instalatzeko aukera eman dezakete, hauek aldatu beharrik gabe.

Obra-zuzendaritza honi esker, Lekeitioko Udalak berme osoz amaitu du Trinkete Etxeko energia-sistemen modernizazioa, instalazioen efizientzia, segurtasuna eta iraupena ziurtatuz.

Ziortza-Bolibarko Bolintxu energia-komunitatearentzako instalazio fotovoltaikoen obra-zuzendaritza

Barrizarrek Ziortza-Bolibarko frontoiko eta Iruzubieta auzoko bolatokiko teilatuetan kokatutako elkarbanatutako autokontsumo-instalazioak martxan jartzeko lanen obra-zuzendaritza gauzatu du. Ekimen honi esker, Bolintxu energia komunitateko bazkideak autokontsumitzaile bihurtuko dira, eguzki-energiaren aprobetxamendua modu partekatuan hobetzeko helburuarekin.

Bi instalazio fotovoltaikoen obra-zuzendaritza lanetaz arduratu gara:

  • Ziortza-Bolibarko Frontoia: 40 kW-ko inbertsorea eta 595 W-ko 88 modulu fotovoltaiko. Guztira 52 kW-ko potentzia ahalmena paneletan.
  • Iruzubieta Auzoko Bolatokia: 20 kW-ko inbertsorea eta 595 W-ko 42 modulu fotovoltaiko. Guztira 25 kW-ko potentzia ahalmena paneletan.

Bi instalazio hauei esker, komunitate energetikoak bere energia propioa sortzea eta modu eraginkorrean kudeatzea lortu du.